XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Olarra eta Mendigurendarrak, itzulpenak aurkezten. Unziti argazkia

- X.M.: Guzti hau burutzeko itzultzaileak gaur nagusi diren hitz eta egiturak erabiltzeaz gainera iraganeko klasikoen eta euskalkietako ondarera jo behar izaten du eta sarrietan esamolde berriak hutsetik sortu.

- E.: Irakurtzeko zaila gerta daiteke itzulpena.

- X.M.: Ondorioz, itzulpen literarioa derrigor gertatzen da jatorrizkoa baino zertxobait gordinagoa, baina hori ezinbestekoa da errazkerian eta erredukzionismoan erori gabe literatura itzuli nahi bada.

Gaur egun, A. Berman, Meschonnic, Chouraqui eta abar bezalako traduktologoek bide honetatik jotzen dute eta Mendebaldeko literatur itzulpena ere ildo beretik doala esan liteke.

Itzulpen etnozentrikoaren ondoren itzulpen etikoa deritzona etorri dela.

Irakurleak du azken hitza beti.

- E.: Gai al da euskara edozein obra Europako hizkuntza garatuetan bezala itzultzeko?.

- X.M.: Jeneralizazio guztiak eztabaidagarri samarrak dira, baina nik uste azken hamarkada honetan pauso garrantzizkoak eman ditugula, nik uste, homologazioaren bide horretatik.

Euskara batzeak tresna gero eta egokiagoa eskuratu digu itzultzaileoi eta horretan Euskaltzaindiaren lana ezin estimatuzkoa da, baina oraindik ez dugu ahaztu behar gramatika eta hiztegi arauemaile osorik ez dugula, euskararen erabilera ezberdina dela gai eta gizarte-sektore ezberdinei dagokienez eta itzulpenen irakurlegoa ez dela zabalegia eta sarritan euskal idazleek sorturiko testuak irakurtzean baino ahalegin handiagoa egin beharrean aurkitzen dela.

Guztiarekin ere, inguruko hizkuntza garatuetako itzulpengintza helburutzat hartzen badugu gaur egun askoz hurbilago gaudela aitortu behar da.

Euskaratzeko obrak ongi aukeratu beharra - E.: Obrak ere izango du, noski, zerikusirik.

- X.M.: Kontutan hartu beharrekoa da zer obra aukeratzen den euskaratzeko.

Badira lehen postuan, bigarrenean edo hirugarrenean itzuli beharrekoak, nahiz eta ekimen pribatuaren hobespenak erabat baztertzerik ez dagoen (nire kasuan eskari pribatu baten ondorioa izan da itzulpena).

Bestela esateko, gure itzulpenaren etorkizunerako badira urrats batzuk beste batzuk baino lehenago ematea komeni delakoan nago.

Esaterako XIX eta XX mendeko zenbait narratzaile klasikoren obrak lehenbailehen itzuli behar ditugu, kataluniarrek bere garaian egin zuten bezala eta baita aintzinateko zenbait klasikorena, besterik ez bada antologiak eratuz.

- E.: Berriagoak gerorako utziko zenituzke, beraz.

- X.M.: Autore esperimentalistagoak eta berriagoak (arazo berezirik gabeko best-seller gisakoak salbu) ez nituzke hain bizkor itzuliko.

Bestalde, badakit poesiaren aldeko haizeak makal samar dabiltzala, baina derrigorrezko zaigu aurreko belaunaldien lana gogora ekarriz bide honetatik berriro jotzea ere.

Azkenik, ezin dugu ahaztu geure idazle sortzaileekiko harremana eta berorien garabidea oso hurbiletik jarraitu behar dugu.

Itzultzaileok eta sortzaileek elkar ernaldu beharra dugu, hizkuntza eta literaturazko eskizofrenia batean erori nahi ez badugu.

- E.: Elkarrekin jardunaldi batzuk egitea ez litzateke gaizki etorriko, beharbada.

- X.M.: Topaketa eta simposio gisako zerbait ez legoke lekuz kanpo elkarri arazoen berri emateko.

Gainera euskaratik erderetara itzultzearen auziari adarretatik heldu beharrean gaude, geure sukaldezokoan lizuntzen gelditu nahi ez badugu.

Politikoki ere auzi honi irtenbide iraunkor bat bilatu beharra dago.

Beste estatuetan gobernua arduratzen da bere idazleak kanpoan ezagutarazteaz.

Literatura unibertsaleko 100 itzulpen laster - E.: Nola dago une honetan literatur ondare unibertsalaren itzulpen-egitasmoa?.

- X.M.: Literatur itzulpenaren ikuspegitik azken urteotan mamitu den egitasmoa garrantzizkoena den eta burututakoan ehunen bat titulu argitara emanak izango dituen egitasmo hau ongi doa: lehen lehiaketaldiko tituluak itzultzaileen eskuetan eta seguraski amaitzeko zorian gaude; eta hil honen bukaerarako, berriz, bigarren lehiaketaldia ere argitaratua izango da.

EIZIEk, Eusko Jaurlaritzako Kultura-Sailarekin sinatu duen hitzarmen baten arabera, bere gain hartu du egitasmoaren kudeakuntza eta, ukaezina da, oso ondorio fruitukorrak izango dituela euskara eta euskal literaturaren etorkizunerako.

Bestalde, pentsamenduzko eta klasiko greziar eta latinoen itzulpen egitasmo bat ere sorbidean da.

- E.: Horrek bultzada haundia emango dio euskarari.

- X.M.: Guzti honek, ongi koordinatu eta burutuz gero, egundoko bultzada emango dio de facto euskara bateratu moderno eta euskal estilistika bat sortzeari dagokionez.

Argitaletxeak gero eta interes haundiagoa ari dira agertzen liburu itzuliarekiko.

Erakunde akademikoak (filologo, hizkuntzalari, estilista, literatur kritiko eta abarrek) parte handiagoa hartu beharko lukete egitasmo honi hatsa ematen eta beharrezko duen hezurdura intelektuala ematen.

Azkenik, ez dago ahazterik EIZIEk funtsezko protagonismoa duela guzti honetan eta itzultzaileon gero eta harreman estuagoak behar ditugula geure lanaren bide tekniko eta profesionalak zabaltzeko eta luzatzeko.